Gure herrian duela gutxi ezagutu dugu koadro elektrikoak apaintzeko prestatu duen egitasmoa; herriko marrazki-sorta bat, non Santurtziren nortasun-ikurrak nabarmendu egin dituen.
Sormenezko lana
Guztira, 20 koadro dira 16 gunetan jarrita (batzuek koadro bikoitzak dituzte), eta den-denei sormena darie barra-barra: kolore biziak, itsasoa nonahi eta Santurtzi ardatza dutela, herritarrek erraz ezagutzen dituzte irudiak.
Azalera horiek txukundu ez balitu, hondatuta eta itsusi leudeke denak. Gainera, nolabaiteko arte urbanoa izanik, begirunez tratatzen dira graffitiak.
Ibilbide geldiezina
Kero 1994an hasi zen graffitiak marrazten, eta ia 10 urtez noiz behinka negozioak apaintzeko lanen bat edo beste egiten eman ostean, 2003an formatu handiko mural bat pintatu zuen udal baterako. Harrez geroztik hamaika proposamen eta dekorazio-lan profesional egin ditu, denak arrakastatsuak eta ezarritako helburuak beteta. Kalitate handiko obrak ditu eginak Estatu Espainiarreko hainbat hiritan, eta beste herrialde batzuetan ere bai.
Hainbat estilo jorratu ditu, besteak beste, graffitiak, umeentzako lanak, komikiak, lan umoretsuak eta obra errealistagoak edo amarru-irudiak.
Nabarmentzekoa da pertsonaiak sortzeko duen trebezia, ukitu ironikoa eta xehetasun ugari emanez pintatzen ditu eta.
Egiten dituen lan guztiak enkarguz egiten ditu, eta bitxia da, elkarrizketa batean jakinarazi zigun moduan, inoiz ez duelako lanerako bere burua eskaini. Bezeroek modu batez edo bestez aurkitu egiten dute, berari buruz ahotik ahora entzunda, langileren batek herria hobetzeko interesa agertzen duelako, kalean pintatzen ikusi dutelako, internet… hamaika bide daude Kerorenganaino heltzeko.