Gure eskualdeko burdinaren industriaren jatorria topatzeko Garai Modernoa hasi aurretiko bost edo sei mende egin behar dugu atzera.
Bizkaia lurralde pribilegiatua izan da, burdin mineralaren beta ugari izan dituelako, kalitate handikoak. Izan ere, Trianoko mendiak, Santurtzitik gertu, burdin-zain asko zituztelako nabarmendu ziren.
Hainbat dokumenturi esker badakigu erromatarrek izan zutela horietako meategi batzuen berri eta ustiatu ere egin zituztela. Ordutik, gure historia burdinarekin lotuta dago ezinbestez.
Bizkaiak baldintza bikainak zituen burdinaren industriaren garapenerako: Punta-puntako kalitatedun mineral-zain ugari eta ura. Horiek horrela, industria hasi berria garatu egin zen burdinola tradizionalen bitartez.
Metalaren industria, Bizkaiko ekonomiaren motor nagusia
Industria-iraultzak siderurgia ekarri zuen Euskadira. Izan ere, 1882an “Altos Hornos y Fábricas de Hierro y Acero de Bilbao” eta “Sociedad Anónima La Vizcaya” sortu ziren Barakaldon eta Sestaon hurrenez hurren. Handik gutxira, 1887an, beste bat gehitu zitzaien zerrendara, Sestaoko “La iberia”. Eskualde horretan jarduera hain zen handia, non ezinbestekoa izan zen trenbidea eraikitzea, lantegiak eta meategiak lotzeko bide sendoa behar zen eta.
1902an hiru siderurgia-enpresa horien batuketak “Bizkaiko Labe Garaien Sozietatea” sortzea ekarri zuen, XX. mendeko enpresarik handiena Estatuan.
Burdinbidea ezinbestekoa zen siderurgiarako
Burdinbidea funtsezko elementua izan zen siderurgietan, lehengaiak, besteak beste burdina, garraiatzeko aukera ematen zuelako. Hori dela-eta Bizkaiko Labe Garaiena (BLG) izan zen Estatuan trenbide-sare handienetako bat izan zuen kokalekua.
1920tiik aurrera BLGk hedapen-aldia hasi zuen, eta horrek, besteak beste, barne-garraioaren sistema burdinbidez hobetzea eskatzen zuen ezinbestez.
Borsig enpresa alemaniarrak urte batzuk zeramatzan BLG lokomotorra unitatez hornitzen. Azkenean BLGk lokomotorrak euren instalazioetan eraikitzeko lizentzia erosi zion. Horrela, 133 zaldi-potentziako 30 bat unitate fabrikatu ziren eta BLG Estatuko lurrunezko lokomotorren parkerik handiena zuen enpresa izan zen garai hartan.
Tren-makina txikiak ziren, haien neurriei esker, fabriketako barru aldeko trenbideetako bihurgune itxietatik ere ibil zitezkeenak.
50eko hamarkadarekin batera diesel lokomotorrak ezagutu zituzten, eta 70eko hamarkadatik haratago iraun zuten arren, lurrunezkoak erabiltzen jarraitu zuten. Euretako bat Santurtziko BORSIG 12a dugu.
BLG/BORSIG-12 LOKOMOTORRA, gure iragan industrialaren arrastoa
BLG/BORSIG 12 lokomotorra Santurtziko Aldirietako Renfe geltokiaren ondoan dago ikusgai. Lurrunezko lokomotor txiki hori 1983ko maiatzaren 31ra arte egon zen lanean prestu-prestu Labe Garaietako barruko instalazioetan.
Gaur egun Santurtziko Udala da berorren jabea, duela hamabost urte baino gehiago egindako dohaintza bati esker, eta Ezkerraldeko industriaren urte loriatsuak gogorarazten dituen ondare-elementua da
Hasiera-hasieratik aire zabalean egon denez hondatu samar zegoen. Hori dela-eta zaharberritu egin dute lehen bezain distiratsu ager zedin.
Horrela, gure iragan industrialeko ondare-elementu bat berreskuratu eta duen garrantzia eman diogu. Gaur egun Santurtzin dago erakusgai eta bertan bisitatu dezakezu.
Horrez gain, gure iragan eta historiari buruz gehiago jakin nahi baduzu Santurtzi Itsas Museoa interpretazio-zentrora jo dezakezu, arrantza portuan.
BLG/BORSIG
Gaur egun parke horren honako BLG/Borsig lokomotor hauek daude gordeta:
12 zk. Santurtzin RENFE geltokiaren ondoan. 020-WR motakoa. Trenbidearen zabalera: 1000 mm.
13 zk. Gallartako Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan ikusgai
38 zk. Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan ikusgai
39 zk. Gallartako Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan ikusgai.
44 zk. Etxebarriko hotzeko ijezketaren lantegian ikusgai.
53 zk. Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan ikusgai.
59 zk. Benaventeko La Praderan ikusgai.
60 zk. Burdinbidearen Euskal Museoan ikusgai.
61 zk. Sestaoko La Puntan ikusgai.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak finantzatutako “Lehentasunezko Jarduketa Eremuak” planei esker zaharberritu ahal izan da.